Herri eta pertsona gisa duten eskubidearen aurka indarkeria erabiltzen dela ikusten duten 370 milioi gizon eta emakumez hitz egiten ari gara, gutxi gorabehera. Era berean, ordea, mundua ikusi eta ulertzeko modu alternatiboak badaudela, tokian toki eta mundu osoan egunero-egunero mahaigaineratzen duten munduko populazioaren % 5 horretaz ere badihardugu. Badirela beste eredu politiko, ekonomiko eta sozial posibleak. Gailentzen den sistemarentzat alternatibak badituztela, eta horiek defendatzeko eta egi bihurtzeko prest daudela.

Mugarik Gabetik errealitate horiek, borrokak, ezagutarazteko gure konpromisoa mantentzen dugu, eta horiei gure babesa gordetzekoa. Borroka horiek han, euren lurretan, babesteko konpromisoa, baina baita hemen dauden erantzukizunen salaketari eustekoa ere. Horrela, hainbat aktorek (gobernuek, oligarkiek, transnazionalek…) egiten dituzten herri indigenen eskubideen aurkako bortxaketak salatzen ditugu; euren protesta eta eskakizunengatik aurre egin beharreko diskriminazio eta kriminalizazio indibidual nahiz kolektiboak agerian uzten ditugu; emakume indigenen berariazko bortxaketa ikusarazten dugu, eta euren bizi eredua zehaztu eta praktikan jartzeko duten ezin kenduzko eskubidearekin konprometitzen gara.