Mundu mailako pandemiak urte bat betetzen duenean, Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak Urtebeteko pandemiaren eragina euskal lankidetza lanean ari den herrialde kalteberetan izeneko txostena prestatu du. Bertan, larrialdi-egoerak herrialde pobretuetan izan dituen ondorioen balantzea egin dute, orobat erreparatuz ondorio horiei aurre egiteko Euskaditik elkartasunez emandako erantzunari eta garapenerako GKE-ek (GGKE) egindako lanari. Lan hori prestatzeko informazioak GGKE-ek, kooperanteek eta tokian tokiko lankideek eman dituzte.

Balantze horrek erakusten du pandemiak gogor jotzen duela Afrika, Asia eta Erdialdeko zein Hegoaldeko Amerikako herrialdeetan. Izan ere, horietan lehendik ere arazo larriak zituzten ekonomia, ingurumen, osasun, hezkuntza edo gatazka armatuen arloetan eta giza eskubideen bestelako urraketetan. Zaurgarritasun egoera horrek baldintzatu eta mugatu du larrialdiari emandako erantzuna. Gainera, pandemia honek agerian utzi ditu herrialde pobretuetako gabeziak, non euskal lankidetza aspaldi ari den lanean. Hain zuzen ere, GGKEak aspalditik ari dira bidegabekeria horiek salatzen.