Hala COVID-19ak eragin duen pandemiaren gisako fenomenoek nola pandemia horren trostaleku den krisi kapitalista sakonak auzitan jartzen dute finkatutzat jotzen genuen guztia. Lupa berri baten azpian jarriak dira zentzu komunak, eta aldatuak hitzen adierak. Egun hauetan gehien maiztu diren kontzeptuetako bat ere, elkartasuna, mutatzen ari da, itxuraz.

Halaxe dakusagu nola Europako Batasun solidarioa, batetik, diruz gainezkatzen ari den merkatuak bankuen eta enpresa handien mesedetan, eta, bestetik, nola dabilen herabe laguntzak dekretatzeko orduan —baita laguntza bonuetarako ere— pandemiak gehien zigortu dituen herrialdeen eta sektoreen alde. Harri eta zur ari gara ikusten herrialde batzuk ematen ari diren ikuskizun penagarria: osasun material estrategikoa esportatzeari uko egin, eta tratukeriarako material bilakatu. Aldi berean, ikusten ari gara nola ari diren Estatu Batuak ageri-agerian uzten beren ultraliberalismoaren lotsariak, hondamendiaren epizentro bihurtuta eta, aldi berean, Venezuelari etengabe inbasio militar baten mehatxua eginez akusazio zentzugabeen aitzakian, baita gaur egungo egoera larrian ere. Geure begiz berretsi dugu itzalaldi informatibo bat dagoela pandemia Afrikan, Asian eta Latinoamerikan izaten ari den eraginaren inguruan; potentzia handiek, izan ere, abandonatuta utzi dituzte lurralde horiek, ez baitiote begiratzen beren zilborrari baino. Larritzen ari gara, bestalde, konfinamenduan libertateak galtzen ari garelako eta autoritarismoa goraldian delako, mundu osoan zabaldutako jito batean: hortxe daude, besteak beste, Bilboko polizia gehiegikeriak bereziki larriak herritar arrazializatuei —egindakoak—, Kolonbiako eta beste herrialde batzuetako lider sozial are gehiagoren hilketa sistematikoak, eta Filipinetan eman duten agindua, konfinamendua betetzen ez dutenei tiro egitekoa.

Aldi berean, ikusi dugu nola Kuba gai den osasun brigadak bidaltzeko Lombardiara (Italia), ikuspegi internazionalista batetik koronabirusari aurre egitera, beste herrialde batzuek egiten duten bezala, hala nola Albaniak, Txinak eta Errusiak. Ikusi dugu nola Karibeko herrialde horrek ezbairik batere gabe jarri duen martxan Braemer operazioa, inork lehorreratzen uzten ez zion ferry batean harrapatuta zeuden Erresuma Batuko turistak etxera eramateko; nola Bartzelonan kaleko saltzaile ibiltzen diren asko maskarak egiten ari diren garai zail honetan laguntzeko, Gazako Queen Tex enpresa bezalaxe, zeina prest baitago baita maskarak Israelera bidaltzeko ere, beharrezkoa bada; nola Bilboko Otxarkoaga auzoan zenbait gazte magrebtar laguntza ematen ari diren pertsona bereziki kalteberen egunerokoa errazteko.

Horrela, garai zail hauetan, argi eta garbi geratzen ari da zer den elkartasuna. Hain justu solidaritate ahula, botere posizio batetik baino egiten ez den hori, osotasuna auzitan jartzen ez duen hori, konpromisorik hartu gabe «besteez» mintzo den hori, lohitan sartu gabe lagundu nahi duen hori, bada, solidaritate horixe bihurtu da gaur egun zuzenean insolidaritate. Kontrakarrean, berriz, solidaritate indartsu bat sorberritzen ari da, zeinak ulertzen baitu, nahiz eta egoerak askotarikoak izan eta harremanak asimetrikoak, denok gaudela sakonki elkarren mende, arazo globalei aterabide globalak eman behar zaizkiela, eta ez dagoela beste-rik, baizik eta konpromiso eta helburu komun bat, gu diren hezur-haragizko pertsonena, komunitateena eta herriena.

Euskal elkartasun internazionalistak beti pentsatu izan du horixe zela, joan-etorriko prozesu bat. Beste errealitate batzuekin engaiatu gara, eta geuk ere izan dugu beste herri batzuen babesa. Geneukana eskaini, eta, aldi berean, beste lurralde batzuetako ikaskizunak bildu ditugu. Zenbait sare ehundu ditugu, eta, gaur egun, sare horiek euskarri ditugu garai gogor hauei buru egiteko. Hala eta guztiz ere, ez da nahikoa: elkartasuna zeinen estrategikoa den hobeto ikasi beharrean gaude oraintxe.

Alde horretatik, aitortzen dugu ezen, solidaritarearen inguruan ikuspegi hori baldin badugu ere, munduan dugun kokalekuak nolabaiteko pribilegio gune batean jarri izan gaituela eta munduko gainerako lekuei so egin izan diegula jakinik bazirela munduan zenbait desberdinkeria eta hondamendi Hegoalde Globaleko herriak hein berean joko ez zituztenak. Iritsi zen, ordea, pandemia, eta, hainbat eta hainbat giza bizitza galtzeaz gainera, hari batetik zintzilik geratu dira sistema menderatzailearen postulatu ia-ia guztiak, eta aurrez aurre ditugu orain, zuzen-zuzenean, latz.

Egun batetik bestera, sumatzen hasi gara ez garela ukiezinak; gure osasun sistemak eta gizarte arretarako sistemak sekula pentsatu baino kalteberagoak direla, haiek pribatizatzeko prozesuen ondorioz; merkatuek mozkinak, desberdinkeriak eta ezin eramanezko sistema bat bermatzen dituztela baina inondik ere ez dutela ongizatea bermatzen gehiengo sozialentzat; publikoa ez dela soil-soilik ustelkeriazko zulo inefiziente bat baizik eta baita gaur egungo egoeratik babesteko geratu zaigun esparru bakarra; eta sistema hegemonikoak bereziki jo dituen herrietan eta pertsonengan dagoela egiazko elkartasuna.

Horrexegatik, deusezta ditzagun gure solidaritate ahuletik geratzen zaizkigun arrastoak, eta berrets dezagun solidaritate indartsu bat. Mundu honetako langile klasea —bere zabalean— eta mundu honetako herri guzti-guztiak salbatu ezean, ez baita inor salbatuko. Guk, hemen, mozkina bizitzaren aurretik jartzen duten gobernuen kontra egin behar dugu borroka, Europako Batasun gotortu honen kontra, Estatu Batu inperialista horien kontra, enpresa transnazional suntsitzaileen kontra. Baina har dezagun beti gogoan borroka hau zuzenean lotuta dagoela beste borroka batzuekin: Kolonbiako komunitateen borroka, Erdialdeko Amerikako migranteen karabanena, Saharaz hegoaldeko Afrikako eta Siriako iheslariena, Nikaraguako etxeko langileena, gazatarrena —zeinek urte asko baitaramate konfinatuta—, kurduen herriarena eta Kubako herri blokeatuarena.

Gaur, inoiz baino ezinbestekoagoa da elkartasuna: solidaritate bat prest egongo dena lohitzeko, solidaritate bat borrokalaria, besarkadazkoa eta mundu hobe baten aldeko irribarrea duena, kapitalismorik eta heteropatriarkaturik gabea, koloniarik eta arrazismorik gabea, egiazki justua eta demokratikoa izango dena gehiengo handientzat eta ez soilik gutxiengo dirudunentzat.

Miren Saiz, Eneko Calle eta Jesus González Pazos

Elkartasuna Eraldatuz Plataforma