Bilbo, 2018ko apirilaren 14a – Kaleko ekintza batek militarismoan egiten den gero eta gastu publiko handiagoa salatu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren ondoan, Bilbon, egin den ekintza baten bidez, Gastu Militarren Murrizketaren aldeko Mundu Egunetik bi egunera.

Eragozpen fiskalerako kanpaina babesten duten antolakundeek, kanpainari hasiera emateko, aurrera eraman duten ekintza ikusgarri hau parodia bat izan da, eta irudikatu du nola erabiltzen duten erakundeek errenta-aitorpenean bildutako herritarren zergen zati bat alde sozialetik bidegabe eta kaltegarriak diren hainbat helburutarako, hala nola gastu militarretarako, AHT eta antzeko makroazpiegituretarako edo banku-erakundeak erreskatatzeko.

Salaketa-ekintza hau heldu da, Estatuak 2017an 18.776 milioi euro gastatu ondoren, militarismora bideraturiko hainbat partidatan; hau da, zergadun bakoitzaren errentatik, 404 euro. Gainera, 2018rako, gastu horiek nabarmen gehituko dira, Estatuko aurrekontu orokorren proiektuan % 11ko igoera jasotzen baita Defentsa Ministerioarentzat. Eta etorkizunean igoera gehiago egongo dira; izan ere, Dolores de Cospedal ministroak aurten bertan iragarri du ministerioaren aurrekontua hurrengo zazpi urteetan zehar bikoizteko konpromisoa.

“Diru-kopuru eskerga hori gure zergetatik ateratzen da” adierazi du plataformako ekintzaile batek, “horregatik, aurten atzera ere Eragozpen Fiskaleko bulegoak zabalduko ditugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta haietan, batere kosturik gabe, bidegabekeria horri desobeditzen lagunduko diogu jendeari; hala, aukera ematen diegu beren zergen zati bat alternatiba eraldatzaile eta solidarioak eraikitzen lan egiten duten beste ekimen sozial batzuetara desbidera dezaten.”

Kanpaina sustatzen duten antolakundeek eragozpen fiskala aldeztu dute, “modu pertsonalean zein kolektiboan ahalduntzen gaituen tresna bat delako eta, orobat, gizarte bidezkoago baten eraikuntzan protagonista izatea ahalbidetzen digun tresna bat”. Eragozpen fiskalaren aldeko kanpaina azken urtean “gerrak hemen hasten direla” salatu duten beste batzuei gehitu zaie, gatazka armatuetara iristen den armamentu-ekoizpenari dagokionez, abenduan Santurtziko portua hartu zuen martxa feministak adierazi bezala.

Euskadin eragozpen fiskalerako kanpaina babesten duten antolakundeak: KEM-MOC Bilbo, SETEM Hego Haizea, Ekologistak Martxan, Kakitzat, ESK Sindikatua, Mundubat, Mugarik Gabe, Euskadiko FIARE Proiektua Babesteko Elkartea, Medicus Mundi Araba, REAS Euskadi, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Argitan Emakumeentzako Aholku Etxea eta La posada de los abrazos-Besarkatuz.