Mugarik Gabek Kolonbiarekin duen harremana 1992an hasi zuen, Consejo Regional Indigena de Cauca (CRIC) erakundearekin, berriz, 1993tik ari da lanean. Antolakunde horrek gutxi gorabehera Caucako zortzi herritako 250.000 indigena ordezkatzen ditu eta eremuaren arabera 11 kabildo-elkartetan antolatuta daude. 1971n jaio zen, herri indigenen eskubideen alde borroka egiteko, zehatzago, lurren eta kulturaren berreskurapenaren alde. CRIC erakundea Kolonbiako lehen antolakunde indigena da eta ordutik erreferentea nazioan.

Estrategikoki hiru proiektutan antolatzen da CRIC: Proiektu Politikoa, Proiektu Ekonomikoa, Proiektu Kulturala. Urte hauetan zehar Mugarik Gabek Hezkuntza Sistema Propioa sortzen, Kulturarteko Unibertsitate Autonomo Indigena indartzen eta diplomatura batzuk garatzen lagundu du; Bizitzaren Defentsa eta Giza Eskubideen Programaren jarraipenean, Giza Eskubideen urratzeen aurrean salaketa eta eragin politikoan, bai eta guardia indigenen indartzean ere; Emakumea Programarekin emakume indigenen Giza Eskubideen Herri Eskolak bultzatzen ari gara. Gobernuak eta FRACek sinatutako Bake Akordioen osteko egoera berrian, akordioak abiaraztean Egia, Justizia, Erreparazioa eta ez errepikatzeko Bermeen Sistema Integralerako guneetan CRICen parte hartzea eta bere ikuspegi bereizgarria bermatzea lehenesten dugu.

2000. urtean Mugarik Gabek Organización indígena de Antioquia (OIA) erakundearekin harremana hasi zuen. Antioquian bizi diren bost herrietako ia 50.000 indigena ordezkatzen ditu. 1985. urtean sortu zen lurraldea berreskuratzeko, kulturaren biziraupena eta autonomiaren betetzea helburu. 2016. urtetik bere egitekoa hamar ildo politikotan antolatzen du: Gobernua eta Ordezkaritza Legala; Administrazioa, Planifikazioa eta Finantzak; Harreman Politikoak eta Berezko Justizia; Giza Eskubideak eta Bakea; Lurraldea eta Habitata; Kultura eta Heziketa; Berezko Osasuna eta Kulturartekoa; Belaunaldiak, Familia eta Etxea; Emakume Indigena; Komunikazioak.

Urte hauetan zehar Mugarik Gabek Antioquiako herri indigenen autonomia indartzen lagundu du eta gobernu propioa erabiltzea sustatu Casa del Saber Mario Domico gunean eskainitako formakuntza saioen bidez; era berean bultzatu ditu Pedagogia Madre Tierran Lizentziatura, generoan diplomatuak, Giza Eskubideen eta lurraldearen defentsako guardia indigenaren indartzea, bai eta egitura politiko-organizatiboena, OIAren eragin politikoa eta parte hartzea eskubideen eskaerarako gune estrategikoetan. 2016an Kolonbiako gobernuaren eta FARC-EPren arteko bake akordioen sinatzetik Giza Eskubideetan eta bakerako pedagogian formakuntza ematea azpimarratu dugu, bai eta Antioquiako herri indigenen parte hartze eta eragin politikoa bermatzea Akordioen baitan eratuko diren gune berrietan.

2009. urtean Corporación para la Vida Mujeres que Crean elkartearekin aliantza berri bat sortu genuen. Medellin hiriko antolakunde feminista bat da, hiru programaren baitan lan egiten du: Herritartasuna eta Emakumeen Giza Eskubideak, Garapena eta Demokrazia, eta Indartze Instituzionala. Bere helburuak lortzeko erabiltzen dituen estrategiak honako hauek dira: hezkuntza, erantzukizun politikoa, ezagutzaren kudeaketa, informazioa, komunikazioa, kudeaketa sozio-juridikoa, arreta psikologikoa eta laguntza psikosoziala.

2011tik sexu indarkeriari aurre egiteko hezkuntzan egiten den lana laguntzen dugu hainbat erakundetako hezkuntza komunitateari eskainitako tailerren bitartez. Saio horietan indarkeriaren testuinguru, araubide eta arreta bideetan sakondu eta azpian dauden adierazpide soziokulturalak nahiz praktikak ezagutarazten dira, behin hortik ekintza eta prebentzio neurriak garatzeko motibazioa sortzeko. Prozesu horren baitan Mujeres que Crean erakundeak indarkeriaren inguruko lanetan izandako ikuspegiak eta metodologiak sistematizatu ditu, eskola barne zein kanpoko indarkeria sexualen arreta, prebentzio eta isun estrategiak indartzeko helburuarekin. Hezkuntza Idazkaritzak eta Emakumeen Idazkaritzak oso ongi baloratzen du lan hori eta hezkuntza erakundeetatik eskaera handia dago.

Beste alde batetik, gatazka armatuaren baitako indarkeriatik biziraun duten emakume biktimei laguntza ematea bultzatzen dugu formazio tailerren bidez, tailer horiei esker biktima izatetik eskubidedun subjektu politiko izateko bidea egitea lortu nahi da.

Kolonbian, beste aliatu batzuekin ere kontatzen dugu, gure lana eta Kolonbiari buruz dugun ikuspegia elikatzen laguntzen dutenak, Ruta Pacifica de Mujeres eta Corporación Ensayos para la Cultura política, kasu.

Bertoko bazkideak: