Ia inork ez du ukatzen klima-aldaketaren aurrean gaudela. Are gehiago, ekarri dituen ondorio guztiak ikusita, dagoeneko klima-krisia deitu genezake. Energia-krisia ere pairatzen ari gara, aspaldi iragarritakoa, eta inoiz imajinatu baino gertuago dauden gerra eta gatazken ondorioz azkartu dena.

Baina, krisi hauekin batera – eta, hein handi batean, hauen ondorioz -, eskubide-krisi bat ere gertatzen ari da. Pertsona ugari lekualdatzera behartuak izaten ari dira arrazoi klimatikoengatik eta aurretik aipatutako gatazkengatik. Honenbestez, pertsona askoren bizi-baldintzak okertu egin dira, bereziki emakumeenak. Ihes egin behar izan dutenak daude, baina baita eskubideak sistematikoki urratzen dizkietenak eta gero eta lan eta bizi baldintza prekarioagoak dituztenak, plataforma digitalek, enpresa teknologikoek eta banaketa-kate handiek menderatutako mundu mailako ekonomia honen eraginez.

Testuinguru horretan herritarrok badugu zer aldarrikatu eta egin eta hortik habiatuta gai horiek guztiak jorratuko dira maiatzaren 5ean arratsaldeko 19:00tan Debako Kultur Elkartean. Debako Talde Feministak eta Mugarik Gabek antolaturiko ekimena da eta biztanleariari irekita dago.

Bizi dugun testuingurua agerian uzteaz gain, ekimen honetan alternatiba ezberdinak eta bizi- eta kontsumo-aukera berriak ezagutarazi nahi dira, beste bizimodu berri batera igarotzeko aukera berriak, etorkizuneko jendarte berrietara eramango gaituztenak, oraingoak baino justuagoak eta jasangarriagoak izan beharko direnak. Eta horretarako, esan bezala, ikus-entzunezko bat izango da protagonista:

  • “Alternatibak Plazara!” dokumentalak gutxi gorabehera ordubeteko iraupena du, eta Euskal Herriko hainbat leku zeharkatzen ditu nekazaritzarekin, elikadurarekin, trantsizio energetikoarekin, zaintzarekin edo ekonomia sozial eta solidarioarekin lotutako ekimenak, alternatibak eta aukera berriak ezagutzeko, bizitza eta lurra benetan zaintzen duten ereduak, komunitateak edo herriak martxan jarri dituztenak. Dokumentala euskaraz eta gaztelaniaz dago eta azpitituluekin bi hizkuntzetan, beraz ulergarria da pertsona ororentzat. Trailerra: https://www.youtube.com/watch?v=M_yIxqiQaXA   

Dokumentalaren aurretik eta ondoren antolatzaileen eskutik dinamika eta solasaldi txiki bat burutuko dira gerturatzen diren pertsonekin.