Ikerketa honek emakumeen eskubideen urraketaren egiturazko kausen identifikazioan sakondu nahi du, eta emaitzetatik abiatuta, ekintza proposamenak sortu, gainditzeko neurriak hartu eta eragin politiko-instituzional eta jendartearen eremu desberdinetan pedagogia sozialean lan egin.

Ikerketa prozesuan, lehenengo kolektibo ezberdinekin indarkeriaren inguruko kontzeptuzko oinarriak finkatzen lagundu zuten eztabaida-guneak sortu ziren. Gero, Kolonbia, El Salvador, Guatemala, Euskal Herria eta espainiar Estatuan indarkeria mota asko pairatu dituzten 28 emakumeen bizitza-istorioak jaso ziren. Azkenik, bost txosten espezializatu egin ziren 28 bizitza-istorioak oinarri hartuta: fisiko eta psikosoziala, politiko eta legala, kulturala, ekonomikoa eta mediatikoa.

Azterketa kualitatiboa da, prozesu osoa gidatzeko ikuspuntu nagusi izan baititu feminismoa, giza eskubideen markoa eta intersekzionalitatea. Azterketa honetan protagonista dira emakumeen lekukotzak, lehen pertsonan kontatutako egitateak eta bizipenak; istorio horiek mundu-mailako eskubide urraketen errealitatea kontatzen dute.

Ikerketa honek arrakala bat izan nahi du asfaltoan; bertan, emakumeen lekukotzek eta analisi feministek bere konplexutasunean salatzen dituzte indarkeria matxistak. Horrela, ikerketa hau memoria kolektiboko ariketa da, eta barne hartzen ditu bizirik iraun duten eta biktima izan diren emakume guztien ahotsak.