Berria, 2018.

Mapa honek 2003 tik Euskal Herrian izan diren Feminizidioak jasotzen ditu. Bilaketa adin tarteka, urteka zein lurraldeka egiteko aukera ematen du, eta era berean indarkeria matxistan sakontzeko hainbat gako partekatzen ditu. Tresna honek Euskal Herriko erailketa matxisten ikuspegi historikoa ematen digu, auziaren norainokoa neurtzen lagundu, eta hildakoiei zor zaien memoria historiko ariketa ere bada.

Orain arte, urteka eman izan ditu BERRIAk indarkeria matxistari buruzko datuak. Baina, urte bat hastearekin batera, hutsean jarri izan da kontagailua, eta, nolabait, galdu egin da ikuspegi historikoa eta auziaren norainokoa. 2003tik izandako feminizidioak datu bakarrean bilduz, indarkeria matxistaren adierazlerik gordinena biluzi nahi du webgune honek, bortizkeriaren tamaina agerian utzi.

Tresna bat ere izan nahi du; datu base bat eskaini nahi die indarkeria matxistaren aurkako borrokan ari diren eragile askotarikoei: mugimendu feministako kideei, kazetariei, hezitzaileei, ikertzaileei, erakundeei…

Era berean, memoria historikoko ariketa bat proposatu nahi du webgune honek. Hamarkada askotan ikusezina izan da bortizkeria matxista, eta ahanzturan erori dira horren ondorioz hildako emakumeak; azken urteetan, ordea, ugaritu egin dira biktimen memoria berreskuratzea galdegin duten ahotsak, baita horretan hasi diren proiektuak ere. BERRIAk hedabide gisa duen konpromisoari heldu nahi dio, hildako andre horiek ahanzturatik ateratzeko ale xume bat jarriz eta haien memoriari buruzko eztabaida sustatuz.