Urte askotako harreman batean etengabeko indarkeria jasan duen emakumea. Lehenengo salaketa 1987an egin zuen. 2009an beste eraso bat salatu zuen. Horren ondorioz, bederatzi urteko urruntze-agindu bat ezarri zen, eta babes-neurriak zehaztu ziren. Geroago, bikotea elkarrekin bizi izan zen berriro.

2014an beste indarkeria-gertakari bat egon zen, bikotearen semea tarteko. Emakumeak salatu egin zuen, baina falta-epaiketan salatua absolbitu zuten. Emakumeak dibortzio izapideak hastea erabaki zuen, eta Lanbidera jo zuen DSBEa eskatzera. Medikuaren eta gizarte langilearen txostenak aurkeztu zituen arren, urruntze-agindurik aurkeztu ez zuenez, Lanbidek ez zuen genero-indarkeriaren biktimatzat jo. Gainera, DSBEa sei hilabetez ukatu zioten. Lanbidekoen arabera, senarrarengandik bananduta urtebete bete ez zuenez, ez zen bizikidetzako unitatetzat hartzen, eta laguntza jasotzeko baldintzetako bat zen hori. Lanbideko bulegoko zuzendariarekin bildu zen auzia konpontzeko, eta gizarte zerbitzuetara ere deitu zuen. Azkenik, egoera publikoki salatu zen Barakaldoko Berri Otxoa plataformaren bidez.

Salaketa horren bitartez, laguntza jasotzeko eskubidea aitortu zitzaion, nahiz eta ez zizkioten ordaindu izapideak hasi zirenetik zor zizkioten hilabete guztiak. Lanbideko barne-arauen arabera, emakume bat genero-indarkeriaren biktimatzat hartuko da soilik indarrean dagoen urruntze-agindua daukanean. Lanbideren irizpide eta praktikak Genero Indarkeriaren Legeak ezarritakoaren aurka daude. Batetik, ez ditu kontuan hartzen salaketak, eta mediku edo gizarte zerbitzuen txostenak. Bestetik, laguntzak ez dira bide azkarretik bideratzen, genero-indarkeriaren Legeak agindu bezala, baizik eta modu arruntean, horrek dakarren kaltearekin. Gaur egun, antza, Lanbideren irizpideak berrikuste prozesuan daude.