52 urteko emakumea, jatorriz errusiarra. Hiri bateko jatetxe batean lana topatu zuen, sukaldari-laguntzaile. Jatetxearen jabeak langile guztiak legez kanpoko egoeran zituen. Emakumeari 300 euro ordaintzen zizkion hilero, egunero 10 orduz lan egiteagatik, atseden-egunik gabe. Gainera, jabeak sexu-harremanak izan nahi zituen emakumearekin, hark beti ezetz esan arren.

Lan-esplotazio eta sexu-jazarpen egoera gorabehera, bi urte inguru eman zuen bertan lanean, jabeak haren egoera erregularizatuko zuela hitzeman baitzion. Agindutako kontratua eta erregularizazioa betetzen ez zirenez, 2010ean jatetxean egindako lan-ikuskapen batean bere egoera salatu zuen. Poliziek kontaktu hori baliatu zuten kanporatze-espediente bat irekitzeko; pasaportea kendu zioten, eta fotokopia bat eman. Jatorrizko dokumentua ez zuenez, ezin izan zuen berritu, eta 2012an iraungi zen.

Zigor-prozedura horren ondorioz, indarrean dagoen kanporatze-agindua dauka 2010eko uztailetik. 2013ko martxoko gau batean, auto batetik jaitsi ziren bi gizonek eraso zioten; pistola eskuan, gertuko mendi batera igotzera behartu zuten. Bertan, mehatxu egin zioten arropa kendu ezean hilko zutela esanez. Biluzik zegoela, pistolarekin apuntatzen jarraitu zuten, aurpegian jo eta lurrera bota zuten. Linterna batekin begietan fokatu eta itsututa, landare-fruituak, zuhaixketako pinaburuak, sartu zizkioten baginan.

Erasoaren ostean, bi gizonek ihes egin zuten eta emakumea lurrean geratu zen, biluzik, nahasita eta itsututa. Bikotekideari deitu zion, eta hark anbulantziari eta poliziari deitu zien. Ospitalean, larrialdietako eta psikiatriako langileen aldetik arreta egokia jaso zuela sentitu zuen, haiei kontatu baitzien gertatutakoa. Aitzitik, Guardia Zibilaren jarrera traumatikoa izan zen emakumearentzat. Poliziak sendaketa-gela guztietan sartu ziren; baita baginan sartu ziotena kentzeko gelan ere, eta argazkiak atera zituzten. Ez zioten emakumeari inoiz deitu sexu-eraso baten biktima gisa epailearen aurrean agertzeko. Aitzitik, aste batzuk geroago, Guardia Zibila haren bila joan zen eta komisaldegira eraman zuten. Bertan argazkiak egin eta hatz-markak hartu zizkioten. Bere aurkako zigor-eskaria abiaraziko zutela esan zioten, sexu-erasoa “paperak” lortzeko asmatzeagatik. Ziegan egon zen, eta geroago Madrilera eraman zuten, Atzerritarrak Barneratzeko Zentro (CIE) batera.