Mugarik Gaben proiektu berri bat jarri dugu martxan unibertsitateko eta lanbide-heziketako gazteak giza eskubide defentsara eta defendatzaileen babesera hurbiltzeko eta aktibatzeko borroka feminista, antiarrazista, LGBTQ+ eta lurraren defentsatik abiatuta.
Z belaunaldia da konexio handiena izan duen belaunaldia. Eta hala ere, bakardade handiena sentitzen duena ere bada. Tentsio hau ez da ezustekoa. Hiperkonektibitate digitalak B alde bat ere badauka: isolamendua, bakardadea, asetasuna. Eta geroz eta handiagoak dira zuzenean elkartzeko gogoak, zerbaiten parte izateko gogoak.
Hortik abiatzen da proiektu honekin batera doan kanpaina. Badakigu eskubideen defentsaren aldeko borroketan parte hartzen dugunean, komunitatea eraikitzen ari garela, eusten duen, laguntzen duen eta bakarrik ez gauden ziurtasuna ematen digun sare baten parte izanik.
Proiektuaren prestakuntza bakoitzarekin, hizpide izango ditugun esperientziak eta ibilbideak ikasleen kontzientziaren hazia izatea bilatzen dugu, antolaketa kolektiboaren eta komunitatearen hazia. Giza eskubideen eta lurraren aldeko borrokak komunitatean ereiten eta zaintzen direlako, eta eskubideak kolektiboan jasotzen direlako.
Horrela, joan den apirilean, LGBTQ+ pertsonen eskubideen aldeko borrokei buruzko hainbat prestakuntza-saio eta irrati show bat antolatu genituen EHUn. Saio horietan giza eskubideen bi ekintzailek hartu zuten parte: Karla Guevarak El Salvadorretik (Colectivo Alejandría eta Federación Salvadoreña LGBTQ+) eta Lala Mujikak Aldartetik.
Jardueretan zehar, borroka-prozesuen memoriarekin eta antolaketa kolektiboaren boterearekin konektatzen gara. Eta eztabaida elikatzen zuten galdera asko sortu zitzaizkigun. Zerk mantentzen ditu bizirik borrokak? Zer eragin du mugimenduetan zenbait eskubide lortzeak? Nola ezartzen ditugu eraldaketa politikorako horizonteak eskubideen erregresioko eta ultraeskuinaren gorakadako testuinguruetan?
Mugarik Gaberentzat, funtsezkoa da LGBTQ+ borroka bizirik mantentzea sistema zisheteropatriarkal diziplinatzaile baten aurrean, zeinak mugimendu disidentea eduki politikoz isilaraztea, desartikulatzea eta hustea bilatzen duen.
Esteka honetan, egindako jardueren funtsa erakusten duten bideoak aurkituko dituzu
Datozen hilabeteetan borrokak, lurraldeak eta kolektibitatea lotzen jarraituko dugu, oroimena eta kontzientzia kritikoa oinarri hartuta.
Gurekin zatoz?