“Mundu mugatu batean hazkunde esponentzialak betirako iraun dezakeela uste duena, eroa ez bada, ekonomista da.”
Kenneth Boulding (ekonomista, 1910-1993)
Beraz, zer zara eroa edo ekonomista?
Galdera zirikatzaile honekin ematen diogu hasiera Desazkundearen inguruan atera dugun argitalpen berriari…izan ere ez dago naturan oinarritzen ez den giza bizitzarik, ez ekonomiarik, ez teknologiarik, ez ezer. Eta oinarri dugun naturak ezaugarri nagusi bat du: muga fisikoak ditu:
- Berriztaezina esaten dugun hori kopuru jakin batean dago, eta, beraz, bakarrik erabil daiteke agortu arte —adibidez, petrolioa eta koltana—.
- Berriztagarria esaten dugun hori —adibidez, uraren zikloa— berritu egiten da, baina erabiltzeko abiadura birsorkuntza naturalaren tasa baino askoz handiagoa bada, muga fisikoak topatuko ditugu.
- Hondakinak dira beste muga fisiko bat. Prozesu biokimiko batzuek sortzen diren hondakinak degradatzen dituzte. Alabaina, hondakinak sortzeko abiadura prozesu horiena baino handiagoa bada, hondakinak ezin izango dira xurgatu; airean, uretan eta atmosferan geratuko dira degradatu gabe, eta, beraz, kutsadura sortuko da. Eragin larriak ditu gure osasunean eta beste izaki bizidun batzuengan.
Giza bizitza muga fisiko horien mende dago…baina gaur egun nagusi den sistema ekonomikoak —hau da, kapitalismoak— muga horiek ez baleude bezala funtzionatzen du. Etengabeko hazkundea behar du, eta, ondorioz, gero eta baliabide gehiago kontsumitu behar ditu bere buruari eusteko. Baina, esan bezala, baliabide horiek, ez dira amaigabeak…
Irudian klik eginda duzu liburuxka