BIZKAIKO EREDU EKONOMIKOA EZ DA BIDERAGARRIA, EZ ETA IRAUNKORRA ETA BIDEZKOA ERE

Bizkaian EAJ-PNVk eta PSE-EEk sustatzen duten eredu ekonomikoaren oinarriak funtsean honakoak dira: kapital eta inbertsioak erakartzea, megaproiektuak eta aliantza publiko-pribatuak, zeintzuek multinazionalei eskaintzen dieten abantaila fiskal, laguntza eta euren I+G+i politikarako finantziazioz osatutako aukera zabala. Bada, eredu hau finean:

1. Ez da bideragarria; tematzen da nazioarteko analisi guztiek ukatzen duten hazkunde ekonomiko bati eusten, gainera abiapuntutzat hartuta benetako espekulazio-burbuilak diren megaproiektuak (Hidrogenoaren euskal Korridorea), inolako zentzurik ez duten ekimen desarrollistak (Gatikatik hasita Estatu Frantsesarekiko interkonexio elektrikoa), edota osatu gabeko eta plangintza okerra duten berrikuntza prozesuak (esaterako, Bizkaia Dorreko BAT).

2. Korporatiboa lehenesten du, publikoaren gainetik, eta erabaki guztiak merkatuetan nagusi diren enpresa handien esku uzten ditu. Kontrara, ahalmen publikoei etengabe erasango diete: krisia, kapital handien mesederako fiskalitate erregresiboa, behar bada huts egingo duten inbertsio publikoak, botere korporatiboa arautzeko borondate eza, jabetza publikoaren atzerakada, konpainia teknologiko handiei datuak doan lagatzea, etab.

3. Ez da iraunkorra, eta areagotu egiten du aldaketa klimatikoaren azelerazioa, biodibertsitatearen galera eta energia fosilak zein materialak agortzea. Adibide batzuk: Lehentasunezko egitasmoak, esaterako energia fosilaren inguruko ikerketa (Energy Intelligence Center), ibaiadarraren azpiko tunelak eta Supersur saihesbideak islatzen duten desarrollismo lotsagabea, Urdaibaiko Guggenheim berria, edota plangintza demokratikorik gabeko megaparke eoliko gero eta ugariagoak, zeintzuen logika kapitala metatzea den.

4. Ez da bidezkoa, ezberdintasuna eta prekaritatea hedatzen du. Enpresa handien aldeko asimetriak lehenagotik zeuden ezberdintasunak areagotzen ditu. Berbarako, deliberazio-demokrazia ezak, hark dakarren desindustrializazio inplizituak, kalitatezko enplegua sortzeko itxaropen eta konpromiso urriak, gero eta indartsuagoa den tertziarizazio eta digitalizazioari lotutako prekaritateak, sindikatuen aurkako dinamikak, zerbitzu sozial publikoen eraispenak… Horiek guztiek larriagotu egiten dituzte berez handiak ziren klase, genero eta etnia/arraza ezberdintasunak.

Manifestua osorik: https://hodeia.mugarikgabe.org/index.php/s/RQwYiZT4B26wL89

Atxikimendua emateko sartu hemen: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSfC6QXkWqMgemfgGhUPqgP1EAtAoXBKTtsWvhUG3eEt4wUg7g/viewform