Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Euskal Programaren barruan, aurten Antiokiako (Kolonbia) Erakunde Indigenaren parte den Senú herriko lider bati emango zaio babes. Programa hori 2011n jarri zen martxan solidaritate politikoko baliabide gisara, eta harrezkero, Latinoamerikan eta beste eskualde batzuetan lan egiten duten Euskadiko GGKEen proposamenez, giza eskubideen alde diharduten erakunde, elkarte eta komunitateak babesteko erabili izan da.

Oraingoan, COVID-19ak hankaz gora jarri ditu prestakuntzarekin eta intzidentzia politikoarekin lotutako gure planak, eta bizitzaren eta giza eskubideen aldeko beren lanagatik bestela ere egunero mehatxatuta dauden pertsonei beren hiriaz arriskurik gabe gozatzeko eta atseden hartzeko aukera kendu die horrek. Lider indigena horren esanetan, “konfinamendua” ez da ezer berria izan, bertako komunitateak sarritan konfinatzen baitituzte beren lurraldean elkarren kontra borrokatzen diren talde armatuengandik babesteko. Talde armatu horiek omen dira nagusi, eta Estatua, berriz, ia desagertzeraino ahulduta omen dago.

2016ko azaroan, Kolonbiako gobernuak eta kontinenteko zaharrena den FARC-EP gerrillak bake-akordio bat sinatu zuten. Hala ere, bakea lortzea espero izatekoa baino gogorragoa izaten ari da: bide luze bezain malkartsua, inondik ere.

Kolonbian 102 herri indigena daude, eta 65 hizkuntza hitz egiten dira. Gorte Konstituzionalaren arabera, 34 herrialde fisikoki eta kulturalki desagertzeko zorian daude, eta hori dela eta, auzitegi goren horrek herrialde horien babeserako plan bat egiteko agindu du. Antiokiako departamentuan, 37.000 indigena bizi dira, embera dóbida, embera chamí, embera eyabida, kunadule eta senú herrietan banatuta. Antiokiako Erakunde Indigenako liderrak azaldu digunez, nork bere burua indigenatzat jotzea ez omen da aski indigenatzat aitortu zaitzaten, Herri Indigenentzako NBEren Deklarazioan hala jasotzen den arren Tramite bat egin behar izaten da Barne Arazoetako Ministerioan, eta, zenbaitetan, bost urte baino gehiago ere igarotzen dira ebazpena iristen denerako. Aitortzarik ezaren ondorioz, beren eskubideak babesteko baliabiderik gabe geratzen da jende hori, batez ere lurraldeaz gozatzeko eskubidea legez zaintzeko neurririk gabe, nahiz hori izan gainerako eskubideez gozatzeko aukera ematen diena.

2018ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, eta CEAR-Euskadi eta Mugarik Gabe elkarteok osatutako ordezkaritza bat bisitan joan zen Bajo Caucara, senú herria eta embera komunitateko zenbait kideren bizileku den Antiokiako eskualdera. Bisita hartan, bertako komunitate indigenekin eta gizarte-eragileekin elkartu ginen, bai eta erakunde publikoekin ere. Harrezkero, gatazka armatuak piztutako krisialdia nabarmen okertu da, eta bake-akordioek ekarritako itxaropena, berriz, itzali. Erreparazio-neurri kolektiboak eta lurraldean oinarritutako garapen-planak paper errea dira honezkero.

Gure bisitan, 2018ko urtarrileko lekualdatze handien lekuko izan ginen, eta, gerora ere, halakoek ez dute etenik izan; hortxe daude, esate baterako, BBVAk Garapenerako Banku Interamerikarraren bitartez diruz lagundu eta Medellíngo Enpresa Publikoek (EPM) eraikitako HidroItuango megaproiektu hidroelektrikoak eragindakoak. Komunitateek arrazoi askorengatik egin dute ihes: mehatxu, hilketa, konfinamendu, pertsonen kontrako mina, sexu-indarkeria eta talde armatu legal eta ilegalen borrokengatik, esaterako. 2018tik, Biktimen Unitatearen datuen arabera, 45.000 pertsonatik gora lekualdatu dira beste toki batera. Lege Medikuntzako Institutuak adierazi duenez, Bajo Caucan, gatazkaren harira 645 izan dira eraildako zibilak, liderrak eta defendatzaileak, eta beste 68 pertsona desagertu dira, behartuta, epe berean.

Joan den martxoan, osasun-larrialdi egoera ezartzeko dekretua onartu zuten Kolonbian, eta egoera horrek aspalditik datorren krisialdi humanitario sakon baten erdian harrapatu ditu bertako komunitate indigenak, orain arteko gobernu guztiek, bertako herritarrei bizkarra eman, eta indar militar bereziak bidali besterik ez baitute egin orain arte, horrek ezertarako balio ez duela aski frogatua geratu bada ere. Kolonbiako gobernuak bizitzaren aldeko berrogeialdi deitu dion tarte honetan, gatazka armatuak eta hilketek beren horretan jarraitu dute. Paradoxikoa badirudi ere, etxean egon behar izateak jomugan jarri ditu giza eskubideen aldeko babesleak. Indepaz erakundearen arabera, denbora-epe horretan 66 erail dituzte herrialdean.

Herri indigenek 500 urte baino gehiago daramate erresistentzian, eta ezin konta ahala estrategia asmatu dituzte bizitza eta lurraldea babesteko: Guardia Indigena enblematikoa da horietako bat, komunitateak zaintzeaz eta lurralde-kontrola ezartzeaz arduratzen den eragile baketsua. Oraintxe, enpresei eta talde armatuei eusten dihardute, antzinatik beren bizileku izan den lurraldean sar ez daitezen. Gatazkak ekarritako indarkeriak eta kapitalak zein multinazionalek bultzatutako garapen-ereduak eragindako sarraskiak gutxi ez, eta horri guztiari birusaren hedapena gehitzen badiogu, herri indigenek bizi duten egoera oso nabarmen larriagotu daiteke aurrerantzean.

Lider indigenek beren eskubideen urraketa salatu dute Kolonbian bertan eta atzerrian, sufritzen dituzten indarkeriak bisibilizatu dituzte, bai eta beren erresistentzia-estrategiak ere, eta solidaritate politikoko sareak josi dituzte ozeanoaren alde batean nahiz bestean. COVID-19a agertu aurretik ere, mundua krisialdi sistemiko betean zegoen, eta jende asko prekaritate-egoera larrian bizi zen, baina birusak egoera hori okertu du. Arazoa mundu-mailakoa da. Hori dela eta, hara zer dioskun Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Euskal Programan parte hartzen duen Antiokiako Erakunde Indigenako liderrak: Denok baldin badakizue gu hiltzen ari direla, zer besterik egin dezakegu bizitzen jarraitzeko?

 

Mugarik Gabe

CEAR-Euskadi