Gure memoria kolektiboan biktimen testigantzak txertatzen ditugunean, itxialdian indarkeria matxistei aurre egin dieten emakume guztien erreparazio sozialari laguntzen diogu. Mugarik Gabek memoria indarkeria matxisten aurkako estrategia gisa lantzea proposatzen du.

Txaloak, gaixoak, alarma-egoera, Resistiré, kale hutsak, Whatsapp, Twitter, polizia, komuneko papera, Pedro Sanchez, isunak, txakurrak, ZIU, militarrak, maskarak, kazeroladak, funtsezko lanak, eskularruak…

Etorkizunean, Koronabirus garaiko gure memoriak, gure etxeetako itxialdiko egunotan errepikatzen diren irudiz eta sentsazioz beteta egongo dira. Pandemia honetako heroi gisa  agertu direnak oroituko ditugu eta, aldi berean, beste pertsona eta kolektibo asko, beste behin ere, ahaztuko dira. Ikusezinak, besteak, ertzetakoak; eta horien artean, euren erasotzaileekin etxean konfinamendua biziraun zuten, edota ez zuten, emakume guztiak. Mugarik Gabek indarkeria matxisten biktima eta biziraun duten emakumeen memoriari buruz azken urteetan egindako lanean zehar ikusi dugunez, litekeena da gehienetan aintzat hartzen ez diren emakume hauek, gure memoria kolektiboan ahanzturan geratzea.

Memoria soziala jendarteak bere buruaz egiten duen kontakizuna da, hau da, gertatutakoari buruz kontatzen duguna, iraganari buruz gogoratzen duguna(eta ez duguna). Kontakizun hau gure nortasuna osatzeko eta azaltzeko funtsezkoa da, eta honek iruditeria sozial bat eraikitzen du. Memoria sozialaren eraikuntzan, narratiba mota guztien eraikuntzan bezala, nagusi den diskurtsoak ahotsik gabe uzten ditu botere gutxien duten taldeak, eta ondorioz, historia idazteko eta hau oroitzapen kolektiboan geratzeko ia aukerarik gabe.

Garai desberdinei buruzko memoria sozial kolektiboak bezala, zenbait kolektiboren kontakizun, bizipen eta esperientziek ez dute tarterik izango banakako oroitzapenetan, ezta Koronabirus aldiko memoria kolektiboan ere, eta haien ondorioak ahaztuko dira. Ez ditugu gogoratuko  itxialdian aldez aurretik bizi zuten zaurgarritasun egoera areagotu zituen eta beraz, konfinamendua modu gordinagoan bizi izan zuten pertsona eta kolektibo guztiak.

Zer gogoratuko den jakiteko, egunero albisteak zein ardatzen inguruan ari diren eta egungo historia nork kontatzen duen aztertu besterik ez da egin behar. Egunero egungo testuinguruaren ondorio diren krisi, kutsatze, dekretu, alta, test, heriotz… datuak irakurtzen eta entzuten ditugu. Beste datu batzuk, ordea, oharkabean pasatzen dira, adibidez, Berdintasun ministerioak indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko 016 zenbakiari buruz azaldu zituenak; hauek %47,3a igo ziren apirileko lehen hamabostaldian, iazko epe berarekin alderatuta, eta on-line kontsultak %650a gora egin zuten. Itxialdiaren lehen astetik, emakume asko itxialdia bere erasotzailearekin batera bizi behar izateak izan zezakeen arriskuaz ohartarazi zen. Hala ere, indarkeria matxista biziraun duten emakumeei gertatzen zaiena, egoera zaurgarrian dauden beste pertsona talde askori gertatzen zaiena bezala, ez da premiazkotzat hartzen, eta are gutxiago garrantzitsutzat, Koronabirus garaian, berriz ere hauetaz ahazteko arriskua egonik.

 Memoria soziala: indarkeria matxisten aurka borrokatzeko estrategia

Memoriak iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko haria ezartzen du, oraina interpretatzen eta gure etorkizuna bideratzen lagunduz. Hortik abiatuta, Mugarik Gabek indarkeria matxista egoerei aurre egiten dieten emakumeen ahotsak jasotzea proposatzen du, gure memorian inskribatu daitezen, gogoan izan ditzagun eta iraganaren eta orainaren irakurketa kritikoa egin dezagun, etorkizuneko proposamen alternatiboak eraikitzeko.

Memoria kolektiboa analisi feminista batetik berregitea jendartearen eraldaketan laguntzen duen prozesua da, indarkeriazko gertaerak ez errepikatzeko oinarriak jarriz. Era berean, beste ahots batzuen esperientzia eta bizipenak entzun eta sinesgarritasuna emateak, boterea dutenek gertaeren gainean inposatzen duten diskurtsoak dakarren indarkeria sinbolikoa arintzen du.

Gure memoria sozialean indarkeria matxisten biktima eta biziraun duten emakumeen kontakizunak jaso behar ditugu, haiei sinesgarritasuna emanez, indarkeria matxistak  azaleratzeko eta, horrela, iruditeria soziala aldatzeko; proposamen guzti hauek emakumeak beren bizitzaren subjektu aktibo gisa kokatzen dituzte. Erantzukizun kolektiboa har dezagun, eta koka ditzagun emakume horien bizipenak eta horiei aurre egiteko estrategiak gure historiaren zati gisa.