Urteak daramatzagu, indarkeria matxistei buruzko zalantzak entzuten. Emakumeak indarkeriaren erantzuleak garela janzteko moduagatik edo ibiltzen garen tokiagatik, indarkeria migratzaileen zerbait dela, emakumeok gezurrezko salaketak egiten ditugula, gure seme-alabak euren aiten aurka jartzen ditugula… Eta azken hilabeteetan, behin eta berriz entzun dugu indarkeriak ez duela generorik, ia egunero bizi ditugun emakumeen erailketen arrazoien azterketa guztiz hustuz. Alde batera utzita aurten, Estatuan, 90 emakume erail dituztela edo Europan hiru emakumetik batek indarkeria matxista motaren bat jasan izan dugula. Hotzak, baina estatistika argigarriak. Hori guztia honako gai hauei buruz hitz egin gabe: sexu-ikara, etxera bakarrik joateko beldurra, baboseoei eustea parrandan ateratzen zarenean, laneko jazarpena edo egunero komunikabideetan edo gure hirietako markesinetan ikusten ditugun indarkeria sinbolikoen jazarpena.

Azaro honetako Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak eraikitzeko genealogia feminista ekarri ziguten gogora. Genealogia horrek nabarmendu du gure diskurtsoak eta estrategiak askotarikoak direla eta azken hamarkadetan eboluzionatuz joan direla, historiarako lorpen handiekin. Asko ikasi dugu, hemengo eta munduko beste leku askotako mugimendu feministetatik. Jabetu gara indarkeria matxistak sexismoa eta desberdintasuna etengabe eta sistematikoki erreproduzitzeko tresna direla, gure gorputz eta bizitzetan agerian geratzen dena. Era berean, geure burua defendatzen ikasi dugu, elkarrekin, era askotara, besteak beste, gure argudioak indartuz, indarkeria matxistak, abizenik gabeko eta analisi sakonagorik gabeko indarkeriak direla esan ez diezaguten.

Hobeto gaudela saldu nahi digute. Baina klase politikoaren isiltasun minutu sinbolikoak gainditzeko asko dago egiteke. Indarkeria matxista eta desberdintasunaren aurkako borroka eta ikuspuntu feminista duten kalitatezko baliabide eta neurriak zehatzeko garaia da. Are gehiago desberdintasuna areagotu, protesta kriminalizatu eta neofaxismoa eta mota guztietako fundamentalismoak indartzen dagoen testuinguru honetan.

Simone de Beauvoirrek zioen bezala, “Ez ahaztu inoiz krisi politiko, ekonomiko edo erlijioso bat nahikoa izango dela emakumeen eskubideak berriro zalantzan jartzeko. Eskubide horiek ez dira inoiz eskuratutzat ematen, zuen bizitza osoan erne egon behar duzue“. Guk argi daukagu, ez gara geldirik geratuko, ez isilik: ez gure gorputzak ezta gure eskubideak ere, ez dira negoziagarriak.