Giza eskubideen defendatzaile diren hainbat erakunderen txostenen arabera, Kolonbia da munduan mugimendu sozialetako buruzagien jazarpen eta erailketa kopuru handiena duen herrialdea. 2018. urtean mundu osoan gertatutako 321 kasuetako 126 Kolonbian gertatu ziren, ia erdia, ranking fatidiko horretan gora eginez. 2019. urteko lehen hiruhilekoan bertan, 30 baino gehiago izan dira erailak.

FARC gerrillak eta Kolonbiako Gobernuak 2016an sinatutako Bake Akordioak herrialde horretako jendartera esperantza ekarri zuen, 50 urtetan herrialde guztia astindu zuen gerraren ostetik bakearen bideari ekiteko esperantza. Halarik ere, akordioa sinatzearen ondotik, jazarpen, kriminalizazio eta heriotzen zerrenda ia gerra garaian baino gehiago hazi da, giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonei dagokionean. Horretaz gainera, agerikoa da, Iván Duque presidente duen egungo gobernuak aipatutako akordioen betetzea frenatu duela, ia-ia sabotajeraino. Besteak beste, elkarbizitzaren erreparaziorako eta berreskurapenerako ezinbesteko ardatza den bakerako justizia berezia (JEP, Justicia Especial para la Paz) bezalako gai ezinbestekoa. Era berean, Kolonbian aktibo dagoen azken gerrillarekin elkarrizketa mahaia irekitzeko aukera itxi du, ELN-Ejercito de Liberacion Nacional gerrillarekin hain zuzen ere.

Egoera honen aurrean, Nazio Batuen idazkari nagusia den Antonio Guterres portugaldarrak modu diplomatikoan adierazi berri du “oso arduratuta” dagoela eraso horien zigorgabetasunarekin. Michel Forst, giza eskubideen defendatzaileen egoeraz munduan arduratzen den Nazio Batuetako Kontalari Bereziak ere buruzagi horien erailketa kopuruak gora egin izana salatu du, are herrialdean gertatutako erailketa kopuru orokorrak behera egin duenean. Zigorgabetasun giroa erabat hedatu da, Kontalaria bera izutzeraino: “nekazari afro-kolonbiarren eta indigenen testigantzek zinez ikaratu naute, sufritu dituzten erasoak kontatu dituztenean kaltegileen izenak ezin esan gabe”. Horregatik hain zuzen ere eskatu dio Kontalariak Kolonbiako Estatuari beharrezko erantzuna emateko egoera honi, neurri eraginkor eta benetakoak hartu ditzala zigorgabetasun egoera horiekin bukatzeko.

Zenbait gerrillaren disidentziez gainera, egoera horren arduradun nagusia Kolonbiatik inoiz desagertu ez den mugimendu paramilitarra da, FARC gerrilla desmobilizatuak libre utzi dituen lurraldeak okupatzen saiatzen ari dena. Mugimendu paramilitarraren jarduna nagusiki narkotrafikoan, antolatutako krimenetan edo askotariko interes ekonomikoen defentsan kokatzen da gaur egun. Interes ekonomiko horiek oso presente daude, beste arduradun batzuekin batera (lur-jabeak, latifundistak, erauzketa-transnazionalak), jazarpen agertoki horretan. Askotariko baliabide naturaletan aberatsak diren lurralde horiek okupatu eta ustiatzeko ahaleginean ari dira hain zuzen ere. Gogora ekarri behar da Kolonbia munduan biodibertsitate handiena duen herrialdeetako bat dela, eta hori, maila ekonomikoan, mota guztietako transnazionalentzako negozio eta mozkin iturri agorrezin bat da. Bizitzen ari diren bi prozesu horien aurrean, Kolonbiako Gobernuak argi eta garbi babesten du bigarrena (botere ekonomikoak babestea) garapenaren aldeko diskurtso errepikariaren izenean, edo eta lehenengoen (paramilitarren) aurreko ageriko pasibotasuna estatuak ez duelako gaitasunik lurralde horien kontrola bermatzeko, eta etengabe kolpatu nahi dituelako sistemari kritika politikoa egiten dioten eragile sozialak.

Orain arte esandako guztiak ondorio larriak ditu; giza eskubideen defendatzaileen aurkako etengabeko erasoak eta indigenen, beltzen, emakumeen, nekazarien eta oro har erakunde sozial guztiekiko jazarpenaz gainera, gehiagora doan krisi humanitario sakon baten hedapena. Horrela, jendarteko gero eta geruza gehiagoren pobretzea konstante bat da; errealitate horrek komunikabide masiboen gehiengoak ikusezin bihurtu eta adierazpen politiko handietan lekurik ez duen arren. Egoera horren adierazle garbia da Kolonbia dela barne mailan populazio desplazatu gehien duen munduko bigarren herrialdea, zazpi milioi pertsonatik gora. Herritar horiek euren lurretatik eta komunitateetatik alde egin behar izan zuten gerra garaian, eta oraindik ere ezin izan dute itzuli estatuak lur horien lehengoratzea errazteko hartutako konpromisoak bete gabe jarraitzen duelako.

Berriki, martxoaren 10ean hain zuzen ere, herri indigenen, komunitate beltzen, nekazarien eta eta beste mugimendu sozialen mobilizazioa (Minga) hasi da herrialdearen hego mendebaldean Kolonbiako Gobernuekin erdietsitako akordio zaharrak betetzea aldarrikatzeko. Era berean mobilizazio horren bitartez salatu nahi dira protestaren kriminalizaziorako etengabeko prozesuak eta mugimendu sozialetako buruzagien erailketak. Orain arte gobernuaren erantzun bakarra errepresio sistematikoa izaten ari da, heriotza gehiago eta komunitateekiko errepresioa besterik ekarri ez duena. Errepresio horren ondorioz protesta horiekiko elkartasuna herrialdeko beste toki batzuetara ere hedatu da. Testuinguru kontinentalarekiko (Venezuela) adierazpenak eta jarduerak burutzen horren oparoa den Iván Duque historikoki baztertuak izan diren sektore horiekin elkarrizketa mahai batean esertzea eskatzen du Mingak, Kolonbian bertan bizi baldintzak eta giza eskubideen errespetua zinez hobetzeko konpromiso irmoak erdietsi daitezen.

Hemen labur deskribatutako Kolonbiako egoeraren aurrean, eta komunikabide gehienetan egoera honekiko informazio faltaren aurrean, galdera bat luzatu nahiko genuke, testu honen izenburuan jasotakoaren ildotik; inork imajinatzen du isiltasun informatibo hau emango zela Kolonbian gertatzen ari denaren soilik zati bat Venezuelan gertatzen ari balitz? Duela aste gutxi batzuk argitaratu genuen beste testu batean Venezuelaz eta Haitin bizi den larrialdi sozial eta politikoko egoera larriaz aritzeko erabiltzen den arrasera bikoitzaz hitz egin genuen; oraingo honetan moral politiko eta mediatiko bikoitz hori berriz ere egiaztatzen dugu, Karibeko herrialdea Kolonbiagatik ordezkatuta. Oraindik eta larriagoa da egoera, ezen eta, gertatzen ari dena ikusezin bihurtzeaz gainera, Kolonbia delako hain zuzen ere, Venezuelaren aurka egiteko demokrazia garatu baten adibide bezala jartzen den herrialdea. Hipokrisia eta kanpoko esku hartze gehiegi kontinente zinez burujabe bat eta gehiengo sozialentzako justizia eraikitzeko.