2018ko urriaren 1a. Igaro berri den astean 3 emakume eta 2 haur (neskak horiek ere) erailak izan dira.  Hori, ordea, ikusten den indarkeria besterik ez da; imajina dezagun, momentu batez, zenbat emakume eta neska koskor izan diren aste horretan indarkeriaren biktima, zenbat diren biktima momentu honetan bertan, testu hau irakurtzen duzun bitartean.

Estatistikek diote 3 emakumetik batek indarkeria edo sexu abusua jasan duela bere bikotekidearen aldetik Europar Batasunean, indarkeria psikologikoaz ari bagara datuak gora egiten du, emakumeen % 43k jasan du hori, eta horiek, betiere, entzuten diren indarkeriak dira, estatistiketan parte hartzen dutenak. Hortik kanpo geratzen dira, beraz, bestelako indarkeriak, enpresa transnazionalek eragindako indarkeria ekonomikoa, lesbofobia, indarkeria instituzionala…

Holako berriak jasotzean, suminduraren, «beste emakume bat gehiago», eta sinesgogortasunaren artean mugitzen gara, indarkeria horiek bizi garen sistemaren parte direla ezin sinestea eta haserrearen artean. Indarkeria horiek nahitaezkoak dira sistema patriarkal eta matxista hau mantentzeko, gizonezkoak pribilegioz beteak dauden eta emakumeak eskubide gabetuak dituen sistema: doako zaintzaileak, aukera askerik gabeko etxekoandreak, gizonezko lankideek baino gutxiago kobratzen dutenak, kaletik ibiltzean beraien gorputzaren inguruko komentarioak entzun behar dituztenak. Jendarte bezala konturatu behar gara indarkeriak estrukturalak direla eta diskurtso bikoitzik gabe, zalantzarik gabe, horien kontra jarri behar dugula. «Nik sinisten zaitut» bezalako ekimen sozial berriek kaleak suminduraz bete dituzte epai baten aurrean, baina haserre hori eta aktibismo hori egunero mantendu behar da bai gure inguru hurbilean, bai gure hiri eta herrietako ekintzetan. Era berean, biktima izan diren emakumeen alde egin behar dugu, zalantzarik izpirik gabe, eta beraien kontakizunak eta eskaerak entzun.

Berain kontakizun eta eskaerek duten sinesgabetasun eta enpatia faltak, askok eta askok sentitzen duten erruduntasunean sakontzea dakar eta beraien bizitzak berriz eraikitzeko bidea zailtzen du. Jendarteak ariketa bat egin behar du ahots horiek «gutako bat» bezala aitortzeko, ezagutzeko eta gerturatzeko, eta justizia eskatzeko prozesuan laguntzeko.

Emakume horiek indarkeriari nola aurre egin dieten entzun behar ditugu eta konturatu behar gara baliabide propioak dituzten emakumeak direla, eskubidedun pertsonak eta ez biktima pasiboak, eskaera zehatzak dituztenak eta ahots propioa. Beraien istorioei sinesgarritasuna eman, beraien larruan jarri eta gure jendarte historia hurbilaren barruan, gure memoria kolektiboan, euren ahotsa aitortu; ez da «batzuei», «besteei» gertatzen zaien zerbait, emakume guztioi gertatzen zaigu, eta beraz, jendarte osoari.

Biktima izan diren emakumeen kontakizunak jaso eta zabaltzea etorkizunerako mezu bat jaurtitzen duen memoria lan bat da: inoiz ere ez dadila errepikatu. Memoriak subjektibotasunean eragiteko eta aldaketa soziala lortzeko balio dezake.