Zergatik eta Zertarako 2017-02-19T22:29:21+00:00

Zergatik

Mugarik Gaben, hasiera hasieratik genero desberdintasunak bereziki salatu eta pertsona guztientzat bidezkoagoak eta berdintasunezkoagoak izango diren eredu berriak proposatzeko elkartasun eredu baten alde egin dugu. Horregatik azken 15 urte hauetan gure ekintza eta estrategia publiko guztiak etengabe berraztertzen aritu gara, bai eta eguneroko antolaketa-praktikak ere, horien bitartez eredu heteronormatibo eta sexistak erreproduzitzen baititugu sarri. Hala ere, praktika hauek guztiontzat askatzaileak izango diren alternatibak eraikitzeko ere aukera izan daitezke.

Momentu honetan fase berri batean sartu gara, zeinetan gure eguneroko praktikak baliatuta, alternatiba feministak eraiki nahi ditugun. Erronka handia da, baina argi dugu saiatzeko ardura dugula, eta gure erakundeen konplexutasun guztian eragingo duten erakundetze-aldaketa prozesuak sustatu behar ditugula (prozedurak, praktikak, politikak, baloreak, lehentasunak, aliatuak, etab.).

Zertarako

Horren helburua da berdintasunaren aldeko erakundetze aldaketa prozesuak sustatzea eta laguntzea, “barrutik zein kanpotik” gure erakundeak transformatuko dituztenak. Uste dugu eredu alternatiboak sortzeko helburua dugunok gure buruari galdetu behar diogula zeintzuk diren eta nolakoak diren gure eguneroko praktikak, batez ere generoen arteko harremanak eraikitzerako orduan, eta nola islatzen diren horiek gure dinamiketan.

Zehazki, prozesu horren xedea da: Genero berdintasunaren aldeko antolaketa aldaketa prozesuekin harremana duten praktiken eraikuntza sustatzea, erakundeetan aldaketa eraldatzaileak erdiesteko eta kultura ez-sexista sustatzeko.

Hauek dira konkretuan, nahi ditugunak:

  • Talde-eraikuntzarako espazioak sortzea, genero berdintasunaren alde egiten duten hainbat erakunderen esperientzia oinarritzat hartuta.
  • Diskurtsoak eta erremintak eraikitzea genero berdintasunaren aldeko aldaketa-prozesuetan sakontzeko.
    Talde-lanean sortutako prozesua eta produktua publikoki zabaltzea.

Egindako lan guztia webgune honetan partekatuko da, Creative Commons BY-NC-SA lizentziapean, eduki hauek guztiak praktika, hausnarketa eta eztabaida berriak sustatzeko balio dezaten.

Proposamen honek iraupen zehatza duen arren (2016ko ekainetik 2018ko abendura), ikuspegi feminista batetik erakundetze-aldaketak sortu eta berrikusten laguntzeko helburuaz gainera, proposamenen eraikuntza kolektiboa sustatzea ere dugu helburu, elkarrekin ikasitakoa oinarri hartuta. Gainera, etorkizunean ere mantentzea nahiko genituzkeen konplizitate eta sinergiak sortu nahi ditugu.