Bidaia 2017-07-12T12:55:53+00:00

Oraingo honetan, Mugarik Gabek bidaia berri bat proposatu nahi du ikusezina den horretan barrena, genero berdintasuna lortzeko abian jartzen diren aldaketa prozesuetan aurrera egiteko helburuarekin. Horretarako hilabete luzez egon gara proposamen hau lantzen. Ezezagunak diren tokietatik ibiltzera ausartu gara, baina elkarrekin egin dugu, beste erakundeek, euren esperientzietan oinarrituta, eraiki dituzten mapek gidatuta.

Hori egiteko “IKUSEZINEAN BIDAIATZEN: Gure erakundeetatik mundua eraldatzeko praktika ez-patriarkalak” izenburu duen prozesua sortu dugu. Ikusten duzuenez, oraindik ere ez gara gai izenburu labur eta zehatzak asmatzeko. 😉

Proposamena, batez ere, bi urtez taldean lan egitea da, gure erakundeen eguneroko praktiketatik berdintasunaren aldeko alternatibak eraikitzeko.

Oso gai zabala denez, HIRU ARDATZETAN bildu ditugu EDUKIAK, euren artean oso harreman estua dutela jakinda:

1. AIREtik bidaiatzen: Botereak

2. LURretik bidaiatzen: Lan-ereduak

3. BARRUNBEetatik bidaiatzen: Zaintzak eta gatazkak

Imajinario bat sortzearen aldeko apustua egin dugu, horrek sortzaileagoak izaten lagunduko digulako, formetatik eraginez, erakundeetan ematen diren praktikekin apurtzen lagunduko digulako. Erronken aldeko apustua egiten dugu, bidaiek duten liluragarritasunaren alde eginez, ohikoan ikusezinak diren toki berrietan barrena ibiltzeak sortzen dituen kezka, beldur eta erresistentziak alboratuz. Ikusezinak dira, besteak beste, erakundetze-kultura, ezkutuan dauden botereak edo tradizionalki femeninoa izan den hori.

Perspektiba feminista batetik egingo ditugu beti azterketak eta proposamenak. Gure helburua ez da “errezetak” sortzea, baizik eta prozesu konplexuetan ekarpen bat egitea.

Auzolana, besteen esperientzian oinarritutako ikasketak eta praktiken eraikuntza gakoak izango dira zeregin honetan: Aintzaindariak, Bidaiariak eta Tripulazioa.