Jatorrizko herrialdean bizitzaren eta justizia sozialaren alde egindako jarduerengatik beren bizitza edo osotasun fisikoa arriskuan jartzen duten giza eskubideen defendatzaileei babesa ematea da programaren xedea, eta horretarako Euskadin sei hilabeteko harrera-egonaldia eskaintzen zaie.

Mugarik Gabek lider indigena ugari babestuz parte hartu du programa honetan 2011 urteaz geroztik. Modu horretan arriskua gutxitzen eta pertsona hauen behartutako desplazamendua saihesten saiatzen gara. Horrela ere euren lanaren jarraipena ahalbidetzen dugu eta bide batez hemengo jendartean eta instituzioetan erakusten dugu lan hori eta bizi duten jazarpen egoera salatu ere.

Giza eskubideen defendatzaileak aldi batez babesteko euskal programaren ekitaldi berri honetako hiru partaideak honako hauek dira: Paola Andrea Ararat Nazarit, Kolonbiako ACONC (Asociación de Consejos Comunitarios del Norte del Cauca) elkarteko kidea; Honduras Diversa elkarteko Néstor Hernández; eta OIA (Organización Indígena de Antioquía) elkarteko kide bat (bere izena segurtasunagatik ezin dugu esan).

Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak zuzendu eta CEAR-Euskadik kudeatzen du programa, eta haiekin batera parte hartzen dute Emigrad@s Sin Fronteras, Aldarte eta Mugarik Gabe erakundeek. Erakunde horiek eskuz esku aritzen dira defendatzaile horien jatorrizko herrialdeko erakundeekin, eta pertsona horiek Programarako aurkezteaz arduratu dira, eta laguntza eman diete hemen egin duten egonaldian.

Egonaldi horretan, agenda politiko bat garatzen dute erakunde publiko eta elkarte sozial ugarirekin, nazioarteko babes-sareak hedatzeko eta indartzeko xedez. Sare horiek, praktikan, babes-geruza baten moduan jarduten dute, pertsona horiek ahalik eta segurtasun-baldintza handienetan itzul daitezen beren herrira eta giza eskubideen defentsan egiten duten lana egiten jarraitu ahal izan dezaten.

COVID-19 birusaren ondoriozko osasun-larrialdiak eragin duen alarma-egoera dela-eta, agenda politiko publikoa aldi baterako bertan behera geratu da. Hala ere, gure jarduerak modu birtualean antolatzen ari gara, haien babeserako hain beharrezkoak diren kontaktu horiek mantentzen jarraitu ahal izateko.

Aurten Programara Mugarik Gaberen partetik dagoen defendatzailea OIA (Organización Indígena de Antioquia) erakundeko kidea da. Erakunde hori Kolonbiako Antioquía departamentuko 5 herri indigenak osatzen dute. Mugimendu indigenaren borrokarako erakundea da eta lurraldearen gaineko eskubideak, autonomia, eta nortasun kulturalarekiko begirunea defendatzen ditu. Gainera, giza eskubideen alde lan egiten du, departamentuan gertatzen diren hainbat bidegabekeriari aurre egiteko. Talde paramilitarrek eragiten dituzte halako egoera gehienak, eta indigena asko mehatxatu, lekualdatu eta hil ere egin dituzte.

Néstor Hernández Aldarteren partetik dator. Hondurasko LGTBQI gazteen giza eskubideen defendatzailea da. Bere burua definitzeko hitz hauek erabiltzen ditu: “gazte hondurastarra, gay, mestizoa, aktibista eta giza eskubideen defendatzailea”. Zuzenbidea ikasten ari da eta 6 urte luzez esperientzia pertsonala eta profesionala bildu du arlo hauetan: Lidergo-rolak, Gizarte Proiektuak, Ziber-aktibismoa, Justiziarako Sarbidea, GIB-hies/STG, Herritarren Segurtasuna eta Demokrazia parte-hartzailea.

Hondurasko ordezkaria da “Red Gay Latino Joven” sarean, “Plataforma Juvenil por la Salud Mental en Centro América” erakundeko koordinatzaileordea eta “Comisión juvenil contra la Corrupción” (CJC) erakundeko koordinatzailea, eta ordezkarietako bat da “Comisión Multipartidaria Contra la Corrupción e Impunidad en Honduras” erakundean. Gainera, aktibista komunitarioa da Santa Lucía udalerrian, ingurumenarekin lotutako gaietan.

Orain “Asociación Honduras Diversa” erakundeko zuzendari exekutiboaren kargua betetzen ari da. Sortu zenetik, erakunde horren helburua LGTB gazteentzako espazio seguruak sortzea izan da, eta gazteen ahalduntzea, osasun mentala eta eskubide sexualak eta ugaltzekoak sustatzea.

Paola Andrea Ararat giza eskubideen eta lurraldearen gaineko eskubide etnikoen defendatzailea da, “Proceso de Comunidades Negras” (PCN) mugimenduko militantea, eta ACONC erakundearen “Palenque de Derechos Humanos, Integridad Étnica y Cultural” arloaren dinamizatzailea.

Palenque DDHH-ACONC erakundeak beltzen komunitateen ekimenak gidatzen ditu, oinarrizko giza eskubide ekonomiko, politiko eta sozialak gauzatzea eta haietaz gozatzea sustatuz, eta pobrezia eta langabezia murrizteko eta diskriminazioaren eta bazterketaren aurkako borroka eginez. Haien helburuak dira, halaber, komunitate afroek arbasoen lurraldeetan duten presentzia finkatzea eta haiei arreta eskaintzea, lekualdatze- eta konfinamendu-egoerak eta eskubide indibidual eta kolektiboen murrizketa jasaten dituztenean.

Paolak herri beltzaren eskubideei buruzko prestakuntza eskaintzen die kontseilu komunitarioak osatzen dituzten pertsonei; gainera, giza eskubideen urraketari buruzko kexak eta salaketak jasotzen ditu, haiei buruzko alertak edo komunikatuak ateratzen ditu eta arretarako ibilbide bat aktibatzen du, Cauca Iparraldeko Herri Beltzeko pertsonek jasaten dituzten mehatxuei eta arriskuei aurre egiteko.

Gobernu nazionalarekin eratutako elkarrizketa-guneetan parte hartu du, Kolonbiako estatuak bete eta inplementa ditzan Cauca Iparraldeko Herri Beltz eta Afrokolonbiarrarekin 33 urtean zehar sinatu dituen 300 akordioak.