Gure kidea den CEFRECekin lan egiten dugu, herrialdeko bost antolakunde indigena handienekin lankidetzan (CSUTCB, CIDOB, CNMCIOB “BS”, CSCIOB eta CONAMAQ), horien artean lau milioi eta erdi pertsona baino gehiago batzen dituzte. Hogei urte baino gehiago daramatzagu herri indigenak komunikazio teknologien erabileran ahalduntzen, beraien balioak, mundu ikuskera eta eskubide indibidual zein kolektiboak zabaldu eta defendatzeko bide bezala.

1997an hasi ginen, komunitateetan lehen bideo tailerrak bultzatu genituenean, eta ordutik formakuntza prozesua hasten eta garatzen joan da; egun, Cochabamban CEFRECek kudeatzen duen Escuela de formación integral en Derechos, Género y Comunicación eskolan unibertsitate diplomaturak eskaintzen dituzte.

Denbora honetan ehunka komunikatzaile indigena hezi dira eta beraien herriei ahotsa ematen diete. Egun, komunitate-irratiak, berri agentzia bat online, ikus-entzuneko ekoizpeneko elkarren artean lotutako bost gune (TB eta irratia) eta nazionala den telebista bat ere kudeatzen dituzte: Plurinacional TV.

Tresna horiei esker herri indigenek beraien identitatea, kultura, hizkuntza eta jakintza berreskuratu eta balioa handitzen dute; indigena eta emakume diren aldetik euren eskubideak defendatzen dituzte; eta jendarteari eta gobernuari mundu justu eta jasangarriago baterako beraien proposamenak helarazten dizkiete. Komunikazio-prozesu hori erreferentea da kontinentean.