Mugimendu feministek salatzen jarraitzen dute Ortegaren Gobernuak Nikaraguako herritarren eskubideak urratzen dituela

Atzo, Nikaraguako bidelagun feministek egindako salaketarekin hasi genuen eguna. Urriaren 14ean, “Unidos por la libertad” lelopean egingo zen manifestazioa hastear zegoela, 23 lagun bidegabe atxilotuak izan ziren. Honen aurrean, ahotsa goratu dute berriz ere adierazpen askatasun eta mobilizazio eskubideen urraketa salatzeko.

Gaur jakin dugunez, igandean atxilotutako pertsonak kalean daude dagoeneko. Albistea pozgarria den arren, Nikaraguako elkarte feministek argi esan dute oraindik ere kartzeletan dauden preso politiko guztiak kaleratzeko eskaria mantenduko dutela.

Honelako gertakarien oinarria, Ortegaren gobernuak boterean iraunarazteko duen estrategiaren baitan ulertzen dugu eta horregatik salatzen eta gaitzesten dugu. Honela, giza eskubideen defendatzaileak diren pertsonen eta giza-protestaren kriminalizazioaren aurrean, Nikaraguako mugimendu feministekin dugun elkartasun konpromisoari eusten diogu eta hauekin batera, nikaraguar herriaren eskubide urraketa salatu eta guztiontzako justizia eskatzen dugu.

Ondorengo estekan, “Articulación Feminista de Nicaragua”-k  astelehenean partekatutako adierazpena duzue. Informazioa zuen inguruan zabaltzeko deialdia luzatzen dizuegu, Nikaraguako gobernuak inpunitatez egiten dituen giza eskubideen urraketak jakin eta eten  daitezen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude