Arabako Lautada eta Aiara Kuadrilletako “INDARKERIA MATXISTA GUZTIEI AURRE EGITEN DIEGU” Sentsibilizazio kanpaina

EXPO Violencias machistas paneles Mugarik-1MUGARIK GABE, Arabako Lautada eta Aiarako Kuadrilletako Berdintasun teknikarien eskutik, “Indarkeria matxista guztiei aurre egiten diegu” kanpaina zabaltzen ari da Araia, Erentxun, Ozaeta, Elgea, Marieta, Burgelu, Agurain, Alegria-Dulantzi, Zalduondo, Azilu eta Amurrioko udalekin elkarlanean. Abuztuko, iraileko, urriko eta azaroko data ezberdinetan “Indarkeria matxisten aurkako erakusketa globalak” izeneko erakusketa egongo da ikusgai herri hauetan. Era berean, kanpainaren izen bera daraman aldizkaria eskuratzeko aukera egongo da.

2010ean hasi zen kanpaina honek indarkeria matxisten kausak ikustaraztea du helburu, hau da, sistema patriarkatua; eta berau, konplexutasun osoa ezagutaraziz egin nahi da, indarkeria fisikoaz haratago dauden eraso mota ezberdinak identifikatuz: psikologikoa, ekonomikoa, sinbolikoa, sexuala edo estrukturala.

Azken urteetan, indarkeria matxista ikustarazteko eta salatzeko aurrerapausoak eman dira, baina ahaleginak ondorioetan zentratu dira, nagusiki indarkeria fisikoan, honen zergatiak albo batera utziz. Indarkeria matxisten erreprodukzioa arazo sozial eta politikoa da, eta beronen erabilerak generoen arteko desberdintasunak irautea eta emakumeen zapalkuntza bilatzen du.

Mikromatxismoetara eta adierazteko era sexistetara jotzen dugu egunerokoan, ordezkari politikoen partetik adierazpen matxistak onartu egiten dira, kulturatzat justifikatzen da kaleetan “piropoekin” egiten den jazarpena, estereotipo sexistak erreproduzitzen dira hezkuntzaren eta komunikabideen eremuetan. Gainera, indarkeria matxistak gertaera isolatu bezala azaltzen dira, eta era sentsazionalista batean. Guzti hori indarkeriaren jarraipenaren parte da, indarkeriaren modu ikusgarri eta gordinenean bukatzen duten ekintzak naturalizatzen direlarik:

  • Gasteizko Udalaren arabera, 2015eko lehen seihilekoan Udaltzaingoak genero indarkeriagatik artatutako emakumeen %37,04 19 eta 30 urte bitartekoa izan da.
  • Euskadin 2014an genero indarkeriagatik 3.990 salaketa egon ziren.
  • Espainiar Estatuan 26 emakume erail dituzte aurten (2015eko abuztuak 28 aurretik), Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren arabera.
  • CISeko (Ikerketa Soziologikoen Zentroa) datuen arabera Espainiar Estatuan urtero 600.000 emakumek baino gehiagok egiten dioten aurre genero indarkeriari, nahiz eta laurdenak baino gutxiagok kontatu ( CIS, 2013).
  • Europako ikerketa baten arabera emakume europarren herenak (62 milioi pertsona) 18 eta 74 urte bitartean abusu fisiko motaren bat jasan du, 10etik 1 sexualki erasotua izan da eta 20tik 1 bizitzan noizbait bortxatua (2013).
  • Nazio Batuen arabera, emakumeen herenak tratu txar edo abusuak pairatzen ditu edo sufritu ditu.
  • Datu hauen aurrean Espainiar Gobernuak genero indarkeriaren aurkako borrokarekin lotuta berdintasunetik bideratutako aurrekontua %0,01 izan da.

Herri askotan erakusketak bertako festekin kointziditzen du, jendetza elkartzen denez une egokia izateaz gain ospakizunetarako indarkeriarik gabeko eremuak nahi ditugulako. Bestalde, Gasteizko, Aguraingo eta Amurrioko Bigarren Hezkuntzako zentroei ere eskaini nahi diegu erakusketa, gazteak publiko klabea direla uste baitugu.

 

Datozen hilabeteetan herriz herri ibiliko den erakusketa sentsibilizazio eta salaketa kanpaina ezberdinetako kartel eta lemekin osatu da, gehienbat Hego Amerikako, Estatuko eta Euskal Herriko erakunde feministen lanekin. Multzoaren aukeraketak indarkeriaren modu anitzak eta indarkeria matxista ezberdinak ematen diren espazioak azaleratzen ditu, gaur egun ikusgarritasun gutxien dutenei lehentasuna emanez.

 

Egutegia:

ARAIA: Abuztuak 12-16

ERENTXUN: Abuztuak 29-30

OZAETA: Irailak 4-13

ELGEA: Irailak 4-6

MARIETA: Irailak 11-13

BURGELU: Irailak 21-27

ALEGRÍA – DULANTZI: Urriak 5-11

ZALDUONDO: Azaroak 1 eta 8

AZILU: Urriak 30

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude